Erroldatzeko kanpaina

ELKARREKIN HAZI KOMUNITATEA ERATZEKO

 

Udal-errolda udalerrian bizi diren pertsona guztiak inskribatzen dituen erregistroa da, eta errealitate demografikoa ahalik eta fidagarritasun handienarekin islatzen saiatzen da, hau da, zenbat pertsona bizi garen hiri edo herri berean.

 

Zenbat pertsona garen jakin behar du udalak, izan ere, horren baitan:

 

  • Zehazten da Nafarroako Gobernutik jasotzen duen finantziazioa.
  • Zerbitzu publikoak hobeki dimentsionatzen dira: osasun-zentroak, zabor-bilketa, gizarte-zerbitzuak, jaiak, kultura, herritarren segurtasuna, kirola, etab.

 

Laburbilduz, benetan bizi garen pertsonak ageri diren errolda izatea gure udalerriari laguntzea da: finantziazio handiagoa lortuko da eta modu eraginkorragoan kudeatuko da.

 

Erroldatzen garenean bizilagunok ere onurak lortzen ditugu, erroldatzeak honako hauek ahalbidetzen baitizkigu:

 

  • Udal-zerbitzu publikoetarako sarbidea: ikastetxeetan, eremu urdineko txartela eskuratzea, etxebizitza-eskatzaile gisa erregistratzea, gizarte- eta enplegu-programetara iristea, etab.
  • Osasun-zentroan osasun-txartela eta erreferentziazko osasun-langileak izatea.
  • Izapide pertsonalak eta familiarrak egitea, hala nola ezkondu edo izatezko bikote egin.

 

Horregatik esaten dugu erroldatzean DENOK IRABAZTEN DUGULA.

 

Erroldatzea mundu guztiarentzako eskubidea eta betebeharra den arren, nazionalitatea eta egoera administratiboa edozein izanda ere, egia da pertsona askok zailtasunak dituztela hori egiteko: “etxerik gabekoak” direlakoak, alokairu-kontratua aurkeztu ezin dutenak, alokaturik bizi arren, etxearen jabeak erroldatzeko aukerarik ematen ez dietenak, etab., horrek sor ditzakeen zaurgarritasun eta abusu egoera guztiekin.

 

Kontuan izan behar dugu udalek udalerrian bizi diren pertsona guztiak inskribatu behar dituztela, eta, gainera, helbide finkorik ez duenak ere eman behar duela izena; izan ere, errolda-egileen ardura da errolda hori udalerriaren errealitatera egokitzea, eta, beraz, modu fidagarrian jasotzea egoiliar guztien kopurua eta horien oinarrizko ezaugarriak.

 

Udalerriko bizilagunen erroldatzea oztopatzea Toki Administrazioarekiko dituzten betebeharrak eta eskubideak bere gain hartzen ez uztea da. Are larriagoa, oinarrizko eskubide unibertsalak, hala nola osasuna eta hezkuntza, eskuratzea oztopatzen die, eta zaurgarritasun handiko egoeratan jartzen ditu.

 

Horregatik Batzarren ezinbestekoa iruditzen zaigu:

 

  • Udalei eskatzea beren legezko betebeharra bete dezatela, alegia, bertan bizi diren bizilagunen errealitatera egokitutako errolda izan dezatela eta erroldatzeak ez ditzatela oztopa. Aurkeztutako mozioa ikus dezakezu HEMEN sakatuta
  • Herritarrak sentsibilizatzea udalerrian benetan bizi garenon datuak jasoko dituen errolda izateak dituen onuren inguruan; horrela, udal-finantzaketa eta kudeaketa hobetuko dira, eta, gainera, abusuak saihestuko dira: “Erroldatze aktiboa sustatzea onuragarria da pertsonentzat eta udalentzat” iritzi-artikulua irakur dezakezu HEMEN sakatuta
  • Sareetan abiarazitako kontzientziazio-kanpaina. Materialak deskargatzeko, sakatu HEMEN

 

Zure udalerrian nola erroldatu jakin nahi baduzu, bizi zaren herriko edo hiriko udalera deitu eta eman beharreko urratsei buruzko informazioa eska dezakezu.

 

Oro har, hauek eskatuko dira:

 

  • Errolda egiteko ardura duen udal bulegoan hitzordua eskatu.
  • Erroldatzen denaren nortasuna egiaztatzen duen agiria: NAN, pasaportea, atzerritarren txartela, gidabaimena, etab. Adingabeen kasuan, familia liburua edo jaiotza agiria.
  • Orri bat bete datu pertsonalekin (bulegoan bertan emanen da).
  • Bizi zaren lekuaren egiaztagiria: alokairu-kontratua, jabearen edo erroldatuta dagoen beste errentari baten baimena, alokairu-kontraturik ez baduzu, gizarte-zerbitzuen txostena, infraetxebizitzen kasuan, etab.