Izquierda-Ezkerrari buruz

IZQUIERDA-EZKERRARI BURUZ

  • 2010eko abenduan, afiliazioari kontsulta eginda, Batzarrek 2011ko udal eta foru hauteskundeetan, Ezker Batuarekin batera parte hartzea erabaki zuen. Nafarroako ezkerreko errealitate sozial eta politikoak PSNren ezkerreko hautes-adierazpen bateratua eskatzen zuen; hori dela eta, Izquierda-Ezkerra abiatu genuen. Zalantzarik gabe, erabaki egokia eta beharrezkoa izan zen, eta babes handia izan zuen bai Foru Parlamentuan (3 parlamentari) bai udal askotan (25 zinegotzi baino gehiago eta hainbat alkate). Lan handia egin zen, ezkerraren adierazpen bateratua izan zen eta Nafarroako ezkerreko gizartean onarpen handia izan zuen.
  • 2015eko maiatzeko hauteskundeetan, indarrez agertu zen Podemos; hori dela eta, Izquierda-Ezkerratik Podemosi eta Equori hauteskundeetara elkarrekin aurkeztea proposatu genien, baina ez zuten erantzun. Azkenean, zatiketak, elementu negatiboa izanagatik, ez zuen eremu politikoaren higadura nabarmena eragin, kontuan hartuta Podemosek 7 parlamentari eta Ezkerrak 2 lortu zituztela. Nolanahi ere, hortik aurrera, Izquierda Ezkerra gutxika-gutxika atzeraka egiten hasi zen, eta horrek Batzarreri eragin zion bereziki, ordezkaritza parlamentariorik gabe geratu baitzen.
  • 2019ko maiatzeko hauteskundeetara ahul iritsi zen Podemos Nafarroan. Bateratze-saiakera ez zen gauzatu, bakoitzak koalizioari eginen zion ekarpenaren balorazioan ez zelako adostasunik lortu, eta bakoitzak bere porrotari egin behar izan zion aurre. Podemos 7 parlamentaritik 2ra pasa zen, eta IEk doi-doi lortu zuen bat. Beraz, Nafarroako ezker ez-nazionalistaren porrot kolektiboa izan zen, eta haren atzerakada handia arrazoi propioengatik gertatu bazen ere, zatiketa esaterako, ezkerren atzerakada orokorreko testuinguruak ere zeresan handia izan zuen.
  • Horren guztiaren ondorioz, 2019ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ondoren, PSNren ezkerrean dauden taldeek ordezkatzen dituzten adierazpen politikoak oso ahulduta eta gutxietsita geratu ziren. Horrek hausnarketa sakona eskatzen du, eta etapa berri bati hasiera emango dioten erreferente berriak artikulatzea
  • Testuinguru horrek kalte egiten dio berezik Izquierda Ezkerrari. Izquierda Ezkerra, militante eta gizarteratze ahalegin handiak egin arren, pixkanaka hautesleak galtzen joan gara:
    • 2011ko Autonomikoak. 18.409 boto – 3 parlamentari.
    • 2015ekoAutonomikoak. 12.395 boto – 2 parlamentari.
    • 2019ko Autonomikoak. 10.471 boto – Parlamentari bat.
  • Batzarretik, oro har, balantze positiboa egiten dugu Izquierda-Ezkerraren ibilbideaz, nahiz eta batzuetan desadostasunak izan. Hamarkada batean, Koalizioan antolakuntza, giza eta militantzia harremanak sortu dira, eta desberdinen artean bizitzen eta elkarrekin lan egiten ikasi dugu. Denbora horretan Ezkerra pertsona ahulenak defendatzeko tresna erabilgarria bilakatzen asmatu dugu, batez ere, ordezkaritza dugun udalerrietan eta Nafarroako Parlamentuan, baina baita kalean ere, gizarte-mobilizazioak babestuz. Hori guztia horrela izanik, uste dugu, egun eskuan ditugun datuekin, iritsi dela koalizioa gainditzeko unea, gure lanaren irismena eta konpromisoa zabaltzeko, eta beste kolektibo eta erakunde sozial eta ezkertiar batzuekiko lotura-prozesuetan sakontzeko. Ez dago elementurik atzera-egite prozesu hori itzulgarria izan daitekeenik adierazten duenik, ez behintzat Izquierda-Ezkerrak dituen baliabideekin, eta, horregatik, uste dugu egungo koalizioaren ertzetatik haragoko indarren baturak Nafarroako gizarte-sektore aurrerakoi askok partekatzen ditugun helburuak lortzera eraman gaitzaketela, eta ahaleginak bateratzeko aukerak emanen dituela eskuin erradikalizatuen aurrerapena geldiarazteko. Nafarroan ezkerrak biltzeko ahaleginean, beste bide batzuk irekiko dituen hausnarketa bati bide eman behar dion ziklo batean gaude.
  • Orain arte esandakoak ez du inola ere zalantzan jarri koalizioaren ohiko funtzionamendua, legegintzaldiaren hasieratik bukaerara arte egiten ari den bezala. Izquierda-Ezkerra da, gaur egun eta legegintzaldiaren amaiera arte, gure lana eta gure ekimenak erakundeetan bideratzeko bidea. Koalizioarekin eta gure hautesleekin dugun konpromisoa apurtezina da.