PSEk kanpainan aginduriko aldaketaren ordez, aldaketatzarra (edo ‘iruzurrezko aldaketa’, Ibon Sarasolak itzuli baino gehiago definitu egiten duen bezala cambiazo gaztelerazko hitz kolokial esanguratsua euskaratzerakoan) egiteko aukera guztiak ireki dira martxoaren 1.eko hauteskundeekin. ETAren espazio mugagabe zabalgarriari buruzko tesi einsteindarrak, Garzonen tesi horrek, Alderdi Legearen aplikazio behingoz mugagabea aplikatzera eraman duenak, ez dio eman, halarik ere, PSEri honek espero zituen bezain fruitu oparoak: EAJren parean edo haren gainetik agertzeko esperantzak zapuztu egin zaizkio; eta horrekin batera, dirudienez, EAJrengan presio nahikoa egiteko aukera Ibarretxe desagerraraz zedin. Gutxiengo gobernua baina gaur egin dezakeena baino erosoago samar osatu ahal izateko esperantza haiekin, bazuen nolabaiteko sinesgarritasuna aldaketaren mezuak: Patxi Lopezen esperantzak asebete izan balira, ez zatekeen gelditu oraingoa bezalako bi aukeren artean mugaturik, zein baino zein gogorrago zaizkion bi aukeren artean; alegia, edo EAJ-PSE gobernu koalizioa egin Ibarretxerekin, edo PPren atzaparren menpean gelditu (akordioak tartean ala ez) irekitzen den agintaldian. Lehen aukerak aldaketa eta transbertsaltasunaren promesak bidera litzake nola edo hala: ez gehiegi ez transbertsaltasuna ez aldaketa ezker-eskuin ardatzean, baina bai nabarmenkiago nazionalismoenean. Bigarren aukerak, PPrenak, frentismoa baizik ezin du ekarri nazionalismoen ardatzean eta iruzurrezko aldaketa baizik ezker-eskuinarenean.
Lerro hauek argitaratzen direnean erabakirik egon daiteke bi aukera horien arteko lehia, eta ez naiz sartuko igorlearena egiten nahiz eta argi egon une honetan karta hobeak dituela PPk EAJk baino, bai Patxi Lopezen anbizioak, bai Estatu osoan alderdibitasun ahalik eta perfektuena ezartzeko Pepe Blancoren grina, ezaguturik.
Bata ala bertzea izanik irtenbidea, niri gaurko lerro hauetan interesatzen zaidana da zelofanezko papera plantak egiten dituzten bi kontzeptutaz ohartaraztea: aldaketaz eta transbertsaltasunaz, alegia. Irristakorrak dira biak, irristakorrak direnez. Eta irristakorrak, hain zuzen ere, berez desiraezin eta arbuiagarriak ez direlako preseski, alderantziz, onuragarriak izan daitezkeelako eta aldi berean, zelofanezko papera garden ez bada, guztiz engainagarriak izan daitezkeelako. Baina trantsizio garaietatik hona PSOEren pelikula hain aurreratua dagoenean, badakigu jakin alderdi horren propaganda-goxokietan aldaketa eta transbertsaltasun hitzak daramatzan zelofana hain opako bihurtu dela non gardena izanen balitz bezala antzeman beharko baikenuke barneko muina: iruzurrezko aldaketa eta eztarrian trebesatzen den hezurraren transbertsaltasuna.
Iruñean, 2009.eko martxoak 8.