Azken berriak

Batzarre, transexualitatea eta feminismoaren subjektua

Feminismoari, ia gizarte-mugimendu guztiei bezala, COVID 19ak sortutako osasun-krisiak eragin dio; gizarte-mobilizazioan atzerakada bizi dugu, baina feminismoaren barruko eztabaida eta desadostasun historikoek indarrean eta ikusgai diraute.

 

Berriro piztu da pertsona transexualen gizarteratzeari buruzkoa eztabaida, feminismoaren subjektuetako bati buruzkoa, alegia. 2018an, “emakume” kontzeptu politikoa eztabaida feministaren erdigunera itzuli da, Podemos-En Comú Podem-En Mareako, Parlamentuko Talde Konfederalak trans pertsonen babes juridikoari eta sexu-identitatea eta genero-adierazpena askatasunez zehazteko eskubideari buruzko Lege Proposamena aurkeztu zuenetik, “trans legea” izenaz ezaguna.

 

Une honetan, 2021eko apirilean, parlamentuko talde errepublikano eta pluralek (ERC, Más País-Equo, JxC, CUP…) aurkeztutako zirriborro bat eztabaidatuko da parlamentuan, aurtengo otsailean Berdintasun Ministerioak proposatutako zirriborroaren oso antzekoa. Mugimendu politiko hori egoera desblokeatzeko eta Gobernua (PSOEk eta Unidas Podemosek osatua) presionatzeko ahaleginari zor zaio, legeari buruzko adostasuna lor dezaten, Diputatuen Kongresuan onartu ahal izateko.

 

Ez da ahaztu behar ekimen hori pertsona transexualen kolektiboen bultzadek elikatzen dutela, noski; izan ere, gizarte-aktibismoak koalizio-gobernuak bat egin dezala eskatzen du, eta desadostasun horretatik atera eta kolektibo horren eskaerei erantzunez legeak egitea bideragarri izan dadila.

 

Eztabaidagai dugun zirriborroan, Legebiltzarreko eztabaidetan liskar gehien eragin dituzten hiru proposamenak deskribatu nahi ditugu.

 

  • Jaiotzean erregistroan ematen den sexua aldatzeko, ez da beharrezkoa izanen genero-disforiaren diagnostiko medikurik ez psikologikorik, edo genero-identitatearen nahastea aurkeztea, ez eta bi urtez nahitaez egin beharreko hormona-tratamendua egitea ere. Horrek esan nahi du transexualitatea despatologizatu egiten dela, eta ez duela nahitaez gorputzean aldaketarik eragiten.
  • Ez da adin-nagusitasunik eskatuko, hau da, adingabeek ere eska dezakete beren genero-identitatea aitortzea.
  • Pertsona bitarrak onartzen dira, eta gizon, emakume, ez bitar gisa erregistra daitezke edo erantzuna zuri utzi dezakete.

 

Parlamentuko eztabaida hori mugimendu feministaren baitan bizi den eztabaidaren isla da.

Arauaz haratago, eta alderdi polemikoei buruz lortu beharreko adostasunez haratago, feminismoaren barruan dagoen funtsezko eztabaida genero-determinazio askearekin lotuta dago (jaiotzean esleitu zitzaion izena eta, batez ere, sexua aldatzeko, horretarako borondatea adieraztea aski ote den).

Feminismoaren alde batek emakumeen (sexu-organo femeninodun jaiotako gisa ulertuta) aurkako zerbait bezala ikusten du hori, emakumeak ikusezin bihurtzen baititu, berdintasunaren arloan eskuratutako lorpenak deuseztatzen ditu-eta.

Batzarren badakigu eztabaida konplexua dela, eta ñabardura ugari dituela; ez da gure asmoa arauaren eztabaidan sartzea, baina bai pertsona transexualei buruz ditugun jarrera feministen inguruan aritzea, defendatzen dugun eta kokaturik gauden feminismoaren parte baitira.

Jarrera itxietan ere ez dugu sinesten, baina bai gogoeta feminista konplexuagoak egiteko postulatu partekatuetan.

 

Premisa horiekin, Batzarrek, pertsona transexualei dagokienez feminismoaren barruko gertaerak ikusita, honako gogoeta bateratu hau egiten du:

 

  • Talde transexualaren aniztasuna onartzea; ez dago modu bakar bat hura bizitzeko, ez hari aurre egiteko, ez eta multzoari balio dion erabaki bakarrik ere. Premisa horretatik abiatuta, pertsona transexualei laguntza eta aitorpena adierazi nahi diegu erabakitzen dutena erabakitzen dutela, ebakuntza egin ala ez, hormonak hartu ala ez, izena aldatu edo ez, eta abar. Trans den hori adierazteko eta bizitzeko moduen aniztasuna onartzea, alegia.

 

  • Pozik gaude legearen tramitazioarekin, eta taldeei, adituei… adi entzuten diegu, beharrezkotzat jotzen den horretan hobetzeko, eta ahalik eta adostasun zabalenak lortzeko. Eskubideen edozein onarpen aurrerapentzat hartu behar da.

 

  • Eskubideetan aurrera egiten duen edozein ekimen babesten dugu, eta are gehiago gutxiengoez ari bagara, transexualez, esaterako, historian zehar eskubide horiek hainbat arlotan urratuak izan dituzte-eta (osasun-arloan, hezkuntzan, lanean, gizartean, ekonomian eta politikan) . Gure ustez, talde zaurgarria da, eta babes berezia eman behar zaio aurrera egiteko dituzten zailtasunengatik, indarkeria jasateko aukera handiak baitituzte, bereziki adingabeek.

 

  • Ezinbestekoa iruditzen zaigu generoa askatasunez zehaztea, transexualen kolektiboa despatologizatzea baitakar, eta hori funtsezkoa baita transexualitatea normalizatzeko, eta pertsona horiek ez direla gaixoak onartzeko.

 

  • Gizona/emakumea binomioa kategoria aldaezin eta baztertzaile gisa oinarri duten eztabaiden aldekoak ez gara. Feminismo zabal eta inklusiboaren subjektu baten aldeko apustu garbia egiten dugu.

 

  • Emakumea kategoriak artikulazio politikoa duela uste dugu, eta kategoria hori ez dagoela soilik jaiotzen gareneko genitaltasunaren mende.

 

  • Gure ustez, talde transexualak beti hartu du parte mugimendu feministan hura aberastuz, eta bere ekarpenak onartzen ditugu, bai aktibismo sozialean bai eztabaidetan.

 

Azkenik, Batzarrek elkarrizketarako eta eztabaidarako gune sosegatuak sortzera dei egiten du, jarrerak hurbildu edota bitarteko bideak eraikitzeko; argudio eta eztabaida libreetan sinesten dugu, baina tonu iraingarri edo gutxiesgarrietatik urrundu egiten gara, batzuetan erabiltzen baitira, sare sozialen anonimotasunean babesturik. Beti salatuko ditugu errespetua eta aintzatespena errespetatzen ez dituzten eztabaidak.

Horregatik guztiagatik, Batzarre feminismo askotarikoaren eta inklusiboaren barruan kokatzen da, “emakume” hitzaren esanahia eta hura bizitzeko moduak zabaldu eta aurrez ezarritako ereduetan derrigorrean sartu gabe.