Azken berriak

Batzarrek erabaki du ez duela berrituko Ezkerra koalizioa

Alderdiko militanteek batzarra egin dute gaur, eta Nafarroako Ezker Batuarekin egina zuten koalizioa bertan behera uztea adostu du, iragarri zeukan gisan. Koalizio «zabalago eta anbiziotsuago bat» lortzen saiatuko dira 2023rako.

 

Nafarroako Ahal Dugu-rekin, Ezker Batuarekin, Equorekin eta Mas Pais-ekin bilerak egin nahi ditu Ezkerrak, baita udalerrietako hautetsiekin ere, elkarrizketa mahai bat sortzeko, eta azkeneko urteetan Ezkerra izan dena baino konfluentzia zabalago bat sortzeko.

 

2019ko foru hauteskundeetan atzera egin zuen Ezkerrak, eta justu lortu zuen ordezkari bakarra Nafarroako Parlamentuan. Ahal Dugu-k ere gutxitu egin zuen haren ordezkaritza. Iruñeko Udalean ere ez dute ordezkaririk. 2011tik aurrera Ezkerrak egindako bidea positiboa izan dela uste dute, baina «ziklo bat itxi» egin dela berretsi dute.

 

Gogoeta hasi zuen Batzarrek, emaitza horien harira, eta berrantolatzeko beharra sumatu zuen. Militanteek irakurketa hori berretsi dute larunbat honetan egin duten batzarrean. Gainera, Koordinadora eta Kontseilu Politikoa, estatutuak eta kode etikoa berritu dituzte. 250 afiliatu ditu Batzarrek une honetan; 131k parte hartu dute gaurko bileran.

Batzarreren Koordinadorako kideak izango dira, aurrerantzean, Olga Risueño, Edurne Egino, Iñigo Rudi, Juan Pablo Weingand, Marisa Marques, Andoni Hernandez, Marius Gutierrez, Felisa Otegi, Txema Mauleon, Rakel del Pozo, Tere Burgi eta Josetxo Arbizu. Kontseilu politikoan, berriz, 41 kide egongo dira.

 

Alderdiak hiru erronka nagusi eman dizkio bere buruari: aldaketa klimatikoa, feminismoa, eta krisi ekonomikoarentzat konponbide «justu eta solidario bat» topatzea.

 

Nafarroako gobernu berriari buruzko balantze positiboa egin du Batzarrek, nahiz eta abiadura handiko trenaren eta zerga politika batzuen inguruan ez egon ados. Espainian «ezkerreko gobernu progresista bat» izateak ekarritako onurak ere zerrendatu ditu.

 

 

Albistea hemen agertzen da: Berria