Azken berriak

Edurne Egino (Zurekin Nafarroa): “Ez dugu soilik Maia kanporatu nahi, justizia soziala bultzatu nahi dugu Iruñean”

Zurekin Nafarroa koalizioa Iruñeko Udalera aurkeztuko da maiatzeko hauteskundeetan. 2019tik Ahal Duguk, Batzarrek eta Ezker Batuak ez dute ordezkaririk hiriko udalean.

 

Iruñeko Descalzos kaleko udal aretoan egin zuten atzo Ahal Dugu, Batzarre, Ezker Batua eta independenteen koalizioaren aurkezpena. Han izan zen Edurne Egino Batzarreko bozeramailea. Iruñean izanen dituzten helburuak azaldu ditu Iruñerria Goizetik albistegian. “Proiektua oso zabala da, eta bi gauza lotu nahi ditugu: politikagintza eta herrigintza. Beraz, Iruñeko Udalean sartu nahi dugu noski, emaitza onak lortu eta Maia kanporatu; baina baita giza eskubideak eta justizia soziala garatu ere”.

 

Oraindik ez dituzte hautagaiak izendatu, baina bai ordezkaritza-ordena. Ahal Duguri Parlamenturako zerrendaburua dagokio, eta Eginoren alderdiari, Batzarreri, Iruñeko Udalekoa. Primarioetan erabakiko dira horiek. Emaitzak hilabete barru ezagutuko ditugula uste du Eginok.

 

Bitartean, batzarrak eginen dituzte, herritarrekin ere: “Entzun nahi ditugu eta programa denen artean egin”. Iruñean azaroan 2an eginen dute hurrengoa, hiriko mugikortasuna lantzeko.

 

 

Albistea: EuskalHerriaIrratia

 

Elkarrizketa hemen entzun dezakezu