Mundu globalizatuan bizi gara, era guztietako egoera gatazkatsuekin, leku askotan. Jendea bere bizi-proiektua modu seguru eta egonkorrean garatzeko leku bila migratzera behartzen duten arrazoietako batzuk honakoak dira: gerra eta gatazka armatuak, lehorte eta krisi klimatikoak, alde egitera behartzen dituzten populazioen lurraldeetan dauden proiektu handiak, arrazoi ekonomiko, politiko, arrazismo edo sexu-bereizkeriagatiko jazarpenak..
Edozein arrazoirengatik udalerri jakin batera iristen den pertsona bakoitzak udalerri horretan erroldatzeko eskubidea eta betebeharra du. Baldintza hori beharrezkoa da maila administratiboan onartua izateko, edo bestela esanda, maila sozialean, pertsonalean eta etorkizunean “existitzeko”.
Erroldatzeak frogatzen digu “bagarela”, “existitzen garela”, eta eskubide hori soilik bermatzen da, udalek hala eskatzen duten pertsona guztiak erroldatzeko legezko betebeharra betetzen badute. Baita eskatzaileak etxebizitza baten helbidea eman ezin duenean ere, helbide hori ez duelako edo justifikatu ez dezakeelako. 2020ko otsaileko Estatistika Institutu Nazionalaren ebazpen batek berretsi zuen lehenagoko bat, 2015ekoa. Horren bidez, udalei jarraibide teknikoak ematen zaizkie udal-erroldaren kudeaketaren inguruan, eta zenbait udaletan egon daitezkeen zalantzak eta praktika txarrak argitzen ditu. Era berean, udalerri batean bizi diren pertsona guztiek bertako erroldan inskribatzeko duten eskubidea bermatzen du.
Horrelakoetan, pertsona zaurgarrienek helbiderik ez duten edo ezin egiaztatu duten kasu horietan, udaleko gizarte-zerbitzuek arduratu behar dute pertsona horiek hartzeaz, haiek artatzeaz eta erroldatzeko helbidea emateaz, baita administratiboa ere beharrezkoa bada, horrela, “existitzen” hasteko, eta osasun-laguntza, enplegua, alokairuko etxebizitza, gizarte-prestazioa edo eguneroko beste hainbat gai aztertu edo eskatu ahal izateko, horietako batzuetan hainbat denboraz erroldatuta egotea beharrezkoa izaten baita.
Erroldatzea eskatzen denean, berehala egin behar da, eta ez da oztopo edo zailtasunik jarri behar, hala nola “paperak” eskatzea, egoitza-baimena edo enplegu-kontratua, horiek ez dira inola ere betekizun erroldatzea tramitatzeko eta.
Beste udal-instantzia batzuk aktibatu, prestatu eta orientatu egin behar dira, elkarren artean eta gure udalerrietara heldu eta hemen beren bizi-proiektua garatu nahi duten pertsonekin eraginkortasunez koordinatu ahal izateko. Udal-informazioko zerbitzuez ari gara, erroldatze-bulegoaz, udaltzaingoaz, etxebizitza-bulegoaz, haur-eskolez, beste hizkuntza batzuetan hitz egiten duten pertsonei laguntzeko interpretazio eta itzulpen zerbitzuez, etorkinei, errefuxiatuei eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzeko gizarte-erakundeekin izan beharrezko koordinazioaz.
Udalak behartuak daude udalerrian bizi diren pertsona guztiak erroldatzera, baina ez hori bakarrik, erroldatu egin nahi dituzte, izan ere, eman behar dituzten zerbitzu publiko ugari duten biztanle-kopuruaren araberakoak dira, eta kopuru horren araberako finantzaketa jasotzen dute, zerbitzu horietan gutxieneko kalitatea berma dezaten.
Behin betiko bizilekurik ez duten eta gure udalerrian bizi diren pertsonek, indarrean dagoen araudiaren arabera, bi urtez behin berritu behar dute erroldatzea. Pertsona horietako askok ez dute horren berri izaten. Horregatik sustatu behar dugu bizileku iraunkorrik ez duten pertsona guztiei bi urtean behin erroldatzea berritzeko abisua ematea, erroldatze aktiboaren eta gure udalen jardunbide egokien adierazle gisa, prestazioak eta eskubideak gal ez ditzaten. Ezin zaio baja eman udalerrian bizitzen jarraitu nahi duela adierazten duen bizikideari.
Gure udalerrietan bizi diren pertsona guztien erroldatze aktiboa udalen legezko betebeharra da. Eta gutxieneko betebeharra da, halaber, jatorrizko lekuak utzi eta duintasunez garatu nahi dutenekin, gizarte bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta solidarioagoa lortzeko bidean.