Azken berriak

Iruñea. PSNk gidoia bete du, alkatetza UPNren esku utzita

UPNko Cristina Ibarrola da Iruñeko alkate berria, baina, gehiengorik gabe, zail izanen zaio gobernatzea. PSNk boto zuria eman du, EH Bilduren aurkako betoari eutsita.

 

Ez da azken orduko ezustekorik gertatu. Iragarria zegoen bezala, UPNko Cristina Ibarrola izanen da Iruñeko alkate datorren legealdian, PSNk EH Bilduri ezarritako betoaren ondorioz. Maiatzaren 28ko hauteskundeek sozialisten esku utzi zuten alkatetza alde batera edo bestera lerratzeko giltza, eta aukera baliatu dute, boto zurien bidez, aginte makila eskuinaren esku uzteko.

 

Izan ere, berdinduta daude bi bloke nagusiak Iruñeko Udalean: eskuinak 11 zinegotzi ditu —9 UPNk eta 2 PPk—, eta Ibarrolaren hautagaitzaren alde egin dute denek; 2015ean gobernu aurrerakoia osatu zuten taldeek beste horrenbeste eserleku dituzte udalbatzan —8 EH Bilduk, 2 Geroa Baik, eta bakarra Zurekin Nafarroak—, eta Joseba Asironi eman diote botoa. PSNri zegokion berdinketa apurtzea, baina Elma Saizen taldeak zuri bozkatu du, jakinda jokaldi horrekin bidea itxiko ziola gobernu alternatibo bati.

 

Argazki orokorrari erreparatuta, beraz, bertsuak lirateke 2019ko udalaren eraketa eta 2023koa. Gidoia, ordea, ez da iguala izan: duela lau urte ez bezala, PSNk ez du hautagaitza propiorik aurkeztu —iragarria zuen arren Elma Saiz aurkeztuko zuela—, eta boto zuria erabili du, distantziakidetasuna adierazteko. Horretaz galdetuta, Saizek esan du argi zutela oposizioan arituko direla aurrerantzean, eta, boto zuriaren bidez, beren jarrera islatu dutela: «Ez Ibarrola, ez Asiron».

 

Beste talde batzuetako bozeramaileek, ordea, bestelako hipotesiak adierazi dituzte. PPko eledun Carlos Garcia Adaneroren iritziz, Saizek «atea zabalik» utzi nahi izan du, bere hautagaitzari uko eginda, etorkizunean «EH Bildurekin adostasunera bueltatzeko». Kontrakoa uste du UPNko Cristina Ibarrolak: «Bilduren babesa izan zezakeen edozein gehiengo alternatibo deuseztatu du PSNk, bere hautagaitza erretiratuta». Hori dela eta, alkateak «eskerrak» eman dizkie sozialistei, «EH Bildurekin zuten ituna ez berresteagatik».

 

 

Oposizioa, erantzule bila

 

Osoko bilkuraren ostean, hedabideen aurrean agertu dira talde guztietako bozeramaileak, banan-banan. Zurekin Nafarroa koalizioaren izenean, Txema Mauleon zinegotziak «etsipen handiz» hartu du Ibarrolaren hautaketa: «Maiatzaren 28ko bozetan, eskuinak galdu zuen Iruñean, boto eta zinegotzi gutxiago baitituzte, eta ezkerreko blokea indartuta atera zen; hala ere, eskuineko alkate bat izanen dugu».

 

Horren erantzukizuna «alde bateko zein besteko interes alderdikoiei» egotzi zien ezkerreko koalizioko eledunak. «PSNrena jakina zen: uko egin dio EH Bilduren hautagaitza babesteari. Era berean, Asironek uko egin dio EH Bilduren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren arteko koalizioari, zeinak Koldo Martinez izanen baitzuen buru». Formula horrek, baina, ez luke babes nahikorik izanen, PSNk argi utzi baitu zein zen bere proposamena Koldo Martinezen hautagaitza babesteko: «PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak osatutako koalizio bat, Nafarroako Gobernuan bezala». EH Bildu kanpoan utzita, alegia.

 

Geroa Baiko Koldo Martinezek ere PSNri eta EH Bilduri, biei, egotzi die gertatutakoaren erantzukizun ia osoa: «Bi etxeko txakurra, goseak hil», laburbildu du. Haren ustez, «batzuen eta besteen egoskorkeriagatik» ez da lortu udal gobernu aurrerakoia adostea, eta, horregatik, nabarmendu du «Geroa Bai dela alderdi fidagarriena».

 

EH Bilduko hautagai Joseba Asironek, ordea, «erantzukizuna dagokionari leporatzeko» eskatu die gainerako indarrei: «Gaur eskuineko gobernu bat badugu, EH Bilduri betoa ezarri dionaren erantzukizuna da. Bazterkeria ezin da ezeren oinarria izan». Injustutzat jo du Martinezen eta Mauleonen jokabidea: «Ezin dira parekatu betoa ezartzen duena eta betoa sufritzen duena». Hala ere, «indar aurrerakoi guztiak» premiatu ditu «era koordinatuan» aritzeko, legealdi honetan bezala, udal gobernuaren jarduna baldintzatze aldera. «Aurrekontuei jarritako zuzenketen bidez, gai izan gara neurri aurrerakoi ugari ezartzeko, eta, aurrerantzean ere, Ibarrola estu har dezakegu, bere jarduna zorrotz fiskalizatu, eskuina inoiz baino ahulago dagoela baliatuta».

 

Elma Saizek ukatu egin du PSNk eginikoa EH Bilduren kontrako beto bat dela: «Vox kenduta, alderdi sozialistak ez du betorik ezartzen. Denekin hitz egin dugu. Egin dugun bakarra emandako hitza betetzea da».

 

 

Zentsura moziorik ez

 

Zentsura mozio baten aukera ere mahai gainean jarri du Zurekin Nafarroa koalizioak, baina oposizioko gainerako taldeek ez dute uste hori berehalakoan gerta daitekeenik. «Oraintxe bozkatu dugu, eta oso argi daude jarrera guztiak; guk gustuko ez dugun arren, Ibarrola da alkatea», esan du Asironek. Martinezek ere «urrun» ikusi du aukera hori.

 

Ibarrola alkateak berak aitortu du pisu txikiko udal gobernua izanen dela berea, eta gutxiengoan egoteak zaildu eginen diola gobernabidea. Hala, «gainerako talde politikoekin eta eragile guztiekin kontsentsuak lortzen saiatzeko» borondatea agertu du.

 

 

Albistea: Berria