KRISI SANITARIO, EKONOMIKO ETA SOZIALARI IRTENBIDE JUSTUA ETA SOLIDARIOA EMATEA
- Izatez desberdintasun-maila handiko eta pobrezia-gune garrantzitsuak dituzten gizarteetan bizi bagara ere, krisi ekonomiko handiak eta azken urteetan gehien bat Europan aplikatu diren politika neoliberalek pobrezia eta gizarte-desberdintasuna esponentzialki areagotzea eragin zuten, baita gizarte-murrizketa gogorrak ere ongizate-Estatuaren politiketan, hau da, osasunean, hezkuntzan, mendekotasunean, gizarte-zerbitzuetan eta abarretan.
- Espainiaren eta Nafarroaren kasuan, 2014az geroztik enplegua asko berreskuratu den arren, krisiak, ondoz ondoko lan-erreformek eta eredu ekonomikoan izandako aldaketa jakin batzuek lan-merkatuaren dualizazio handia eragin dute, eta langileen zati handi batek behin-behinekotasun handia, nahi gabeko lanaldi partzialak, prekarietatea, soldata txarrak eta abar ditu. Horrek guztiak ziurgabetasun handia eragiten du gizarteko hainbat mailatan, orainaren eta etorkizunaren aurrean. Gainera, beste garai batzuetan ez bezala, lan-pobrezia deiturikoa indartu egiten du, hau da, lanaren kalitate txarra dela-eta lana izan arren pobreziatik ateratzen ez diren pertsonen sektore garrantzitsu bat izatea.
- Egoera horren aurrean, Batzarreren ustez, langileen lan-baldintzak hobetzearen eta ongizate-Estatuen politikak indartzearen alde egitea, alegia, osasun publikoa, hezkuntza publikoa, mendekotasunaren arreta eta, oro har, gizarte-eskubideak hobetzea dira langileen nortasun ideologiko eta programatikoaren ezaugarri nagusietako bat.
- Azken urte hauetan, Nafarroan, ekonomiaren hobekuntzari eta 2015ean hasitako aldaketa politikoari esker (parte izan gara horretan), gizarte-murrizketen zati handi bat leheneratu ahal izan da, bereziki gizarte-eskubideen, osasunaren eta hezkuntzaren arloetan. Hala ere, egiteke dagoen bidea oso luzea da oraindik.
- Covid-19aren pandemiak eragindako osasun- eta gizarte-krisiaren aurretik, esan genezake Nafarroak garapen eta gizarte-ongizate maila nabarmena zuela, Espainiako beste eremu batzuekin alderatuta eta maila globalean. Hala eta guztiz ere, gure gizartean langabezia, prekarietatea, pobrezia eta desberdintasun sozialak handiak ziren oraindik, eta mendekotasun, desgaitasun edo gaixotasun mentaleko egoeran zeuden pertsonen beharrak hazten ari ziren. Pobrezia eta desberdintasun horiek emakume, haur, gazte eta atzerritarrei eragiten zieten gehienbat.
- Eta aurreko krisi ekonomiko eta sozialetik oraindik erabat suspertu ez ginen testuinguru honetan, Covid-19aren munduko pandemia agertu da, gizartean, lanean eta osasunean eragin handia izan du. Horretaz gain, milaka heriotza eragin ditu, bereziki adineko herritarrak. Krisi horrek agerian utzi ditu osasun-sistemaren gabeziak, eskuindarren murrizketen ondoren (bereziki, osasun publikoaren esparruan), bai eta gizarte-zerbitzuen eta mendekotasunari arreta emateko sistemaren ahulezia ere. Eta hori guztia, nahiz eta Nafarroan ahalegin handia egin 2015eko eta 2019ko gobernu aurrerakoi eta ezkertiarrek.
- Era berean, Covid-19aren krisiak langabeziaren gorakada ekarri du, prekarietate, pobrezia eta desberdintasun gehiagorekin, eta bereziki gizarte sektore prekarioenetan, hala nola gazte, etorkin eta emakumeen artean.
- Zorionez, murrizketa-politiken, zero defizitaren eta aurreko 2008ko krisiari aurre egiteko erabili zen “austerizidioaren” aurrean, Europan, Espainian eta Nafarroan, gabezia guztiekin, gehien kaltetutako herrialdeei laguntzeko politiken aldeko apustua egiten ari dira gobernu aurrerakoiak, eta, gure kasuan, ahalik eta murrizketa sozialik handiena saihestuko duten politikak. Orobat, are funtsezkoagoak diren bi sektore indartzen saiatzen dira, hala nola osasun eta hezkuntza publikoak, eta gizarte-zerbitzuak eta mendekotasunari arreta ematekoak.
- Egoera honen aurrean, Batzarrekook krisi ekonomiko, sozial eta sanitario honen irtenbide sozialago baten alde borrokatu behar dugu, eta “Inor atzean ez uzteko” eslogana gauzatu. Irtenbide soziala, solidarioa eta jasangarria guztiontzat. Hori kontuan hartuta, funtsezkotzat jotzen dugu honako gai hauek azpimarratzea:
- Funtsezkoa da maila sozial eta sindikalean borrokan jarraitzea, pertsonen lan- eta soldata-baldintzak hobetzeko eta guztientzako kalitatezko enplegua sortzeko, gaur egun gazteek, etorkinek eta emakumeek pairatzen dituzten desberdintasunak zuzentzeko, egoera ahulean dauden beste kolektibo batzuez gain.
- Era berean, osasun publiko unibertsala, hezkuntza publikoa eta gizarte-eskubideak indartu behar dira, aukera-berdintasunaren, eta atzean inor uzten ez duen gizarte justu eta kohesionatu baten benetako bermatzaile gisa. Pandemiaren aurretik funtsezkoa bazen ere, egun frogatu da hori gabe pertsonen biziraupena bera zalantzan jartzen dela.
- Eta aurrekoarekin batera, funtsezkoa da Espainiak eta Nafarroak bizkor aurrera egitea bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzearekin zerikusia duen guztian. Pandemiaren aurretik gabeziak handiak baziren ere, egun izugarriak dira eta bortizki eragiten die enpleguari eta familien bizi-kalitateari, eta, bereziki, emakume eta haurrei.
- Era berean, asmo handiko gizarte-etxebizitzaren politika ere funtsezkoa da; izan ere, etxebizitzaren eskasia eta garestitasuna jasaten dugun gizarte-arazo nagusietakoa da, eta familia askori bizitza duina galarazten die, eta, gainera, gazteen emantzipazioa zailtzen du.
- Nafarroako gizartearen bizi-itxaropen handia lorpen kolektibo handia da, baina aldi berean erronka handia. Biztanleria zahartzeak, halaber, nahi gabeko bakardade eta mendekotasun/desgaitasun egoerak gehitzea dakar. Egoera horiei aurre egin behar diegu etorkizun hurbilean, baliabide publikoen inbertsio handiak eginez eta honek, gainera, enplegua sortzeko korrelazio positiboa du.
- Ildo horretan, Covid-19aren krisiak agerian utzi du, nahiz eta azken urteotan aurrerapen nabarmenak egin dituen Nafarroako Eskubide Sozialen Kontseilaritzak, oraindik ere funtsezkoa dela adineko pertsonak, mendekotasuna dutenak eta desgaitasuna edo gaixotasun mentala dutenak artatzeko sistema publikoa indartzea. Egoitzetan, pertsona ardatz duen eredu berri batean gehiago eta azkarrago aurrera egitea, non alderdi soziosanitario guztiak eta osasunerako prebentziokoak askoz gehiago indartuko diren, non hurbileko eta etxeko zerbitzuen alde eginen den (enplegu gehiago sortzen dute eta osasun-pandemiak hobeto prebenitzen dituzte), non esparru publikoak askoz indar eta kontrol handiagoak izanen dituen sistema osoaren gainean.
- Gaur egun, ia 100.000 nafar atzerritik datoz, biztanleen %14,5. Errealitate hori gero eta handiagoa da, Espainiako jaiotza-tasa eskasak eta lan-merkatuaren beharrak direla eta. Zalantzarik gabe, immigrazioak alderdi positibo asko du arlo ekonomikoan eta enpleguan, pentsio-sisteman eta gure garapen-mailan, eta, gainera, gure gizartea kulturalki aberasten du. Nolanahi ere, erronka garrantzitsuak ere baditu, bai kulturarteko eta erlijiozko bizikidetzari dagokionez, eta, bereziki, gizarteratzeari dagokionez. Gaur egun, immigrazioa da langabezia, pobrezia eta desberdintasun mailarik handienak biltzen dituen biztanleriaren sektorea. Bizikidetza egokia eta benetako aukera berdintasuna bermatzea, batez ere bigarren eta hirugarren belaunaldientzat, da dugun erronka zailenetako eta beharrezkoenetako bat.