Espainiako Gobernua

ESPAINIAKO GOBERNUA

  • 2019ko apirilaren 28an eginiko hauteskunde orokorren ondotik, PSOE eta Unidas Podemos alderdien arteko “ez akordioa” zela kausa, Batzarrek bere desadostasuna adierazi zuen. Bi alderdiek lortutako emaitzen batuketa ( PSOEk 123 + UPek 42 diputatu) gobernu aurrerakoi eta ezkerrekoa eratzeko oinarri sendoa baitzen. Norberaren erantzukizunaz harago, azkenean gertatu zena gertatu zen eta ezkerreko negatiboak izan zituen aipatu bi alderdientzat.
  • PSOEk gaizki kalkulatu zuen eta 2019ko azaroaren 10erako hauteskunde berriak deitu zituen. Bai 2019ko apirilean nola maiatzaren udalekoetan eta autonomikoetan lorturiko emaitza onek animaturik, kolore bakarreko Gobernua osatzeko aukeran geldituko zirela uste baitzuten. Emaitza zera zen: nazionalistak ez diren ezkerreko indarrek gibelera egin zutela (PSOEk-3, Podemosek -7 eta Más Pais- Compromis-ek +2). Sanchezek “B plana”ri ekin zion, zeinak hainbat oreka eta ziurgabetasun une batzuk pasatakoan oraingo Gobernua ekarri baitzuen.
  • Hasiera-hasieratik (2020ko urtarrilaren 7a) PSOE-Unidas Podemos koalizio-Gobernuak ozta-ozta zeukan gehiengoa Kongresuan (167 diputatu alde eta 165 aurka) eta bai inbestidura ahalbidetu zuten gainerako alderdien hartu-emanetan nola koalizio beraren barnean ere izan beharreko orekak ez ziren txikiak izan, ez horixe!
  • Oinarrizko ahulezia honetaz haratago, ezkerreko sektore zabaletan ilusio handia sortu zen. Lehen unetik, Batzarrek gobernu aurrerakoi eta ezkertiarrari babesa eman zion. Iritsia ote zen hamarkada luze batez populazioa txirotu zituen murrizketak bukatzeko edota aurrerapen galantak erdiesteko unea gutxien zuen jendea artatzeko eta esparru sozial, feminista eta ekologistari dagokionean? Halaxe zirudien. Adosturiko gobernu-akordioa bide onean zihoan eta lehen urrats itxaropentsu batzuk eman ere, eman ziren. (CCOO, UGT, CEOE eta CEPYMErekin adostutako KPIaren araberako gutxieneko soldataren igoera, esaterako. 950 euro.
  • Hasieratik, eskuineko alderdiek ez ezik, kontrolpean dituzten komunikabide ahaltsuek ere gobernu berriaren aurka jo zuten. Deskalifikazio andana erabilita, direnak eta ez direnak egin dituzte izena zikintzeko, zalantzan jartzeko eta baita legez kanpokotzat jotzeko ere.
  • Covid-19ak eragindako krisi ekonomiko eta sozial larriak eszenatoki politikoa birkokatu du eta Gobernuari lehentasunak birplantearazi dizkio. PPren Gobernuak jarauntsitako esparru guztietako murrizketa sozialetan oinarrituta pandemiaren ondorioei aurre egiteak erronka handia dakar osasun, gizarte eta ekonomia larrialdiari irtenbidea emateko.
  • “Inor ez dadila atzean gelditu” lelopean, gobernu-taldeak bide onean doazen hainbat neurri hartu ditu, hala nola Gutxieneko Bizi-Sarrera, ERTEak eta autonomoei edota etxean lan egiten dutenei emaniko laguntzak eta abar. Horrekin guztiarekin “giza babeslekua” sortzen ari da, zeinak, hasiera batean bederen, hondamendiaren ondorioak leuntzea duen xede. Nahiz eta hilabeteotan erakutsitako kontraesan eta gabeziak diren, Batzarrek baikortasunez ikusten dituen lorpenak baizik ez dira. Balorazio positiboa bada ere, horrek ez du esan nahi zenbait erabaki kritikagarriak ez direnik. Espainian bizi diren etorkinen erregulazioa, aberats handiei zerga berezia ezarri ez izana, Lan-erreforma edota “mozal legea” bertan behera ez uzteko erresistentziak konparaziora.
  • Testuinguru honetan eta bizi dugun krisi handiak “ekaitz perfektua” sortzeko baldintza ezin hobeak direla kontuan hartuta, eskuinak bortizki ekin dio Gobernuaren aurkako estualdiari. Konfinamendu garaian, lagundu beharrean, dena okerrera joateko tematu egin da, mespretxuz “sozio-komunista” izendatzen duen gobernu baten gainbehera behin eta berriz bilatzen duelarik. Lehenengo fasean porrot egin eta inkestei erreparatuta (non % 80k berreraikitzeko akordioa nahi baitu) bestelako politika egiten saiatu zen. Patronalaren eta finantza-botere handien presioak ere ez ditu urruti eta horrela, Gobernua desgastatzea xede badu ere, zenbait zubi eraiki ditu nolabaiteko komunikazioa eta akordio partzialak erdietsita. Eta bitartean giza proposamenak gutxitzeko ahalegin guztiak eginen ditu. Giro honetan uler daiteke Cayetana Alvarez de Toledo kongresuan zuten eledunaren kargu-gabetzea.
  • Dena den, gainean daukagun hondamendiak, aurreikuspenek langabezia % 20an kokatzen dute, pobrezia-poltsak, giza-bazterketa, lan prekarioa, migrazioaren egoera ezin larriagoa, umeek pairatzen duten pobrezia eta gehien behar dutenendako etxebizitza eskasia ekarriko ditu. Azken batean, Gobernua borondate onez ari arren, narriadura soziala hain handia eta suntsitzailea izanen da ezen Gobernuak gainezka eginen baitu. Nahiz eta lorpen batzuk erakutsi eta desira eta promes anitz egin, pobrezia, bazterkeria, eta prekarietatea alfonbrapean ezkutatzea zail eginen zaie.
  • Nolanahi dela, ezkerreko alderdiek osatutako gobernu eta legegintzako ekintzak babesteaz gain, errebindikazioa, antolaketa, mobilizazioa eta salaketa izan behar dute kolektibo kultural, sozial, politiko eta sindikalen bete beharra. Krisiak eragindako ondorio maltzurrei aurre egiteko prest dagoen gizarte zibil osoarena, hain zuzen ere. Giza kolektibo eta Gobernuaren arteko komunikazioa eta elkarrizketa behar-beharrezkoa izanen dira, eraginkorra, baina ez nahikoa, ordea. Ezin izanen dugu horretaz modu esklusiboan fidatu. Goiko aldetik dena etorriko zaigulakoan ez dago egoterik, horrela ez baita izanen. Pasibotasunik ez, hortaz. Jende sentiberak eta solidarioak egin duen lana gehi komunikabideetan eta karrikan berean lortuko dena ezinbestekoa izanen da emaitza errealak lortze aldera.
  • Borboi emerituaren jokabide lotsagarrien berri ere izan dugu. Alde batetik, komisioak kobratuz eta bestetik, zergak saihestuz. Antza, “familiaren gainerakoek ez zuten ezagutzen”. Errepublikazaleak gara eta nahi dugu Estatu bat non politikagintzan inork ez dezan izan postu goren bat bere aitaren semea izateagatik. Erdietsi nahi izatera, ez dugu soilik ezkerreko alderdien esku uzten ahal. Aitzitik, kontuan hartu behar dugu badela jende kontserbadorea erregetzari anakronismo antidemokratikoa deritzona. Beraz, ez dugu erronka makala! Fronte anitz eta zabala bultzatu, etorkizunean errepublika ezartzeko.