Europa

NAHI DUGUN EUROPA

  • 2008ko finantza-krisi globalak eztanda egin ondoren, Europar Batasuna eratzeko urteetako martxa eten egin zen. Aurre egiteko deustarako balio ez zituzten eta gainera ezbidezkoak ziren austeritate politikak ezarri ziren. Hauek, besteak beste, soldata jaitsiera ekarri zuten eta agerian geratu zen Europar Batasunak zituen ahulezia instituzionalak, esparru finantzieroa zein ekonomikoa gero eta bananduago izatea eta europar egitasmoa bultzatu zutenen elkartasun eta batasuna bazter uztea. Ondorioa zera izan zen: herritarrek konfiantza galdu zuten desberdintasunak biderkatu eta lan merkatuaren desregularizazioa eta polarizazioa sustatzeaz gainera, lan eskubideak galdu eta pobrezia zabaltzen zuen proiektuan.
  • Egitasmo europazalearen norabidea galtzeak hainbat era hartu zuen: brexit-en aldekoen garaipena, Giza Eskubideekiko errespetuzko migrazio politika lortzeko ezintasuna, ahulezia ekonomikoa eta protekzionismoa eta nazionalismo baztertzailea aldarrikatzen dituen ultraeskuinaren igoera politiko zein elektorala. Ultraeskuin honek, muturreko eskuin kontserbadorearekin eta ultra liberalarekin bat eginda, EBri eskumenak kentzea du xede, kide diren Estatuei itzuli eta erakundeen eta ekonomia-politikaren erreformak blokeatzea, ezinbestekoak baitira merkatu bakarra hobeki funtziona dezan eta euroak desoreka makroekonomikoak sortzen dituen mekanismo izateari utz diezaion. Desoreka hauek kideen arteko lan-konpetentzia eta desberdintasun fiskalak sortzen dituzte. Halaber, ekoizpen eta errenta-dibergentziak, ondasun publikoak hondatzea eta pribatizatzea Euroguneko hegoaldeko herrialdeetan, eta babes sozialaren eta birbanaketa-politiken atzerakada orokorra.
  • Joan den martxoan, Covid-19ak sorturiko konmozioa zein jendearen beldurrak, eta bestetik, jadanik hasia zen errezesioa kontuan hartuta, azkeneko hamarkadetan Europar instituzioek ezarritako politikak zalantzan jartzera behartu zuten. Europar Batasunak izan zuen lehen erantzuna pasibotasuna izan zen, Italia eta Espainia bakarrik utziz. Baina gaixotasuna pandemia bilakatu eta ekonomia erabat gelditu zenean, Europako erakundeak fite mugitu ziren eta 2010. urteaz geroztik ezarritako arau fiskalak eta austeritate-politika bazter utzi zituzten. Beharrezkoa eta posiblea oraingoz urrun badaude ere, Europak pandemia gainditzeko tresnak bilatu eta martxan jartzeari ekin dio, dakartzan kalte ekonomiko zein sozialak albait gehien txikitzen saiatuta. Aurreko hamarkadan austeritate-politikek eragindako haserrealdi eta herri mobilizazioa guztiz justifikatuta zeuden, oraingoan, aldiz, Europar Batasunak adosturiko neurri berriak direla eta, ezkerraren ekintza politikoa eta lan kulturala ezin da soilik kritika izan; aitzitik, hasitako eraldaketak burutzen laguntzea eta langileen, gehiengoaren eta egitasmo europazalearen aldeko aldaketak bultzatzea baizik.
  • Europa eta mundua osasun, ekonomia eta gizarte krisi larri eta ezezagun batean murgilduta daude dagoeneko, eta krisi hori areagotu egin daiteke urte amaiera artean. Milioika pertsonaren bizitza, enplegua eta ongizatea daude jokoan. Espainian, ekoizpen-egituraren berezko ahuleziak eta arazo politiko, lurraldeko eta instituzional neketsuak gehitzen dira. Eurotaldeko akordioa ez da oso ona, defizitaren muga malgutzea ez baita nahikoa eta baldintzatu gabeko funtsak iristeko aukera atzeratu egiten baita. Hala ere, aitortu behar dugu Europako Kontseiluak funtsezko norabide-aldaketa egin duela egungo krisialditik ateratzeko proposatutako erabakietan: austeritate-politikak utzi eta inbertsioa handitzearen aldeko apustua egin da. Aldaketa hori gabe, koalizio aurrerakoiaren gobernuak eraikitako babes sozialak askoz eragin txikiagoa izango zukeen, eta pandemiak kalte handiagoak eragingo zituzkeen. Europak onartutako ekonomia suspertzeko planik gabe, Espainiak ezingo luke bere gain hartu atzeraldi ekonomikoa gainditzeko, ekoizpen-egiturak eta espezializazioak modernizatzeko eta trantsizio digitala eta berdea bizkortzeko inbertsio-plana. Baina, beste behin ere, frogatu da Europako makina astunak denbora gehiegi behar duela erantzuteko; aho batez hartu beharreko erabaki-sistema amaitu behar da, eta, behingoz, herritarren Europa enpresen Europaren aurretik jarri behar da.”
  • Europak hartutako bide berria ziurtatze aldera, koalizio-gobernu aurrerakoiak pandemiaren ondorioak geldiarazteko Europak ezarritako plangintzaren kudeaketa eraginkorra, gardena eta partekatua egin behar du ezinbestez. Eta hori dena giza talde bakar bat bera ere atzean utzi gabe. Baina ez da soilik kudeaketa ona egitea, gehiengoaren bizi-kalitatea hobetzeko ezinbestekoak diren akordio politiko eta sozial zabalak lortu behar dira. Talde aurrerakoi eta ezkertiarron elkarlana bultzatu behar da herritarrek eta giza taldeek protagonismoa izan dezaten. Urrats asko eman behar ditugu eta ez dira gutxi gainditu beharreko erresistentziak, baina azken hilabeteotan Europak harturiko akordioak ukan gabe, aurrera egiterik ez legoke. Orain adostutakoa betetzea dugu erronka.
  • Aldaketak sustatzeko ezkerreko alderdiek hartu duten kolaborazio-bidea adibidetzat emateko, hona hemen hainbat helburu egingarri:
    • Europako Batzordeak 2020. urteko lehen egunetan abiarazitako itun berde berriak ematen duen haritik tira egin behar da. Itun horrek bilioi 1 euro finantzatuko ditu datozen 10 urteetan, ekonomiaren deskarbonizazioa, energia berriztagarrien sustapena eta materialen eta energiaren gehiegizko kontsumoan oinarrituko ez den hazkunde-estrategia berri bat uztartuko dituen trantsizio ekologikoa sustatzeko. Europa CO2-emisioen neutraltasuna lortzen duen lehen kontinentea bihurtzeko helburuak merezi du.
    • Europar Batzordeak jakinarazi du errebindikatu eta zehaztu behar den hiru zutabeko gizarte-agenda berria: gutxieneko soldata Europa mailan, langabetuentzako aseguru eta berrasegurua eta pobrezia eragotziko lukeen gutxieneko errenta Europa osorako.
    • Denok adostutako migrazio politika behar da. Kide diren Estatu guztiek Giza Eskubideak errespetatu eta betetzeko ardura izan behar dute. Honekin batera, arazo ekonomikoak direla, gerrak direla edo babes bila dabiltzala, denek tratu errespetagarria merezi dute eta Europako kideek horixe bermatu beharko lukete.
  • Europaren geroa ez dago aldez aurretik idatzia. Herritarrek dute azkeneko hitza eta beraiek erabakiko dute Euroguneko iparraldeko herrialde zenbaitek mantentzen duten blokeoari baietza emanen diotenentz. Era berean, Europar Batasun atseginagoa, babes-emaileagoa eta gehiengoaren interesen aldekoagoa nahi ote duten ere beren esku dago. Europar Batasunak eredu neoliberalak ekarri digun oraingo krisi honen kudeaketan nola abian dauden mundu mailako aldaketan eragina izan nahi badu, kohesio handiagoa beharko luke honako esparru hauetan guztietan: kideen artekoan, ekonomia mailan eta lurraldetasunari dagokionean ere. Halaber, gehiengoari eta langileei konfiantza eskaini beharko lieke instituzio publikoetatik antolatutako babes eta elkartasuna erakutsiz. Horixe da indar aurrerakoi eta ezkerrekook daukagun lana. Europaren batasunaren egitasmoa kolokan dago eta berarekin batera geure etorkizuna daukagu jokoan. Gizarte ireki, inklusibo, aberats eta demokratikoen etorkizuna dago jokoan.